XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zonbait aitzindari isil

Lehenengo zinema-etxea Bilboko Iralabarri auzoan sortu zen 1923an, Academia Cinematográfica Hispania Film izen ederrarekin.

Moral dorpeko valentziar batek sortua izan omen zen, eta berehala hartuko zuen lizun usaina kentzeko gauza izan omen ziren Alejandro Olabarria erlojeroa eta Aureliano Gonzalez argazkilaria.

Aitzindari ausart hauek Un drama en Bilbao filmatu zuten, osorik ez bada ere egundaino heldu den lehen fikziozko filmea.

Bertako gertakari batean oinarrituriko melodrama, hagitz bizitza komertzial labur eta lehorra izan zuen.

Halabeharrez, filmea artisau lana da, ilusioz egina, baina engoitik jendea ohitua zegoen Gloria Swanson ikusten Maitasunaren indarra eta Mousidora Don Carlosengatik bezalako filme erraldoietan...

Bilbotarrek nahiago izan zuten bi pezetak bertze takila batzuetan utzi.

Aitzindariek seta gogorra izan ohi dute eta, bikote honek bertze melodrama bat egin zuen, Lolita la huérfana.

Ez dute harrera hobeagorik lortzen.

Porrot egin dute.

Olabarria erlojeruak produktora utzi eta Zinema Akademia sortuko zuen.

Honen hutsunea betetze alde Telesforo Gil del Espinar ageri da, postako langilea eta zinema kritikaria aldizka, Un drama en Bilbao zuzendarien ahalegina txalotu izan zuena.

Erreportaia batzuk egin eta diru poxi bat bildu ondoren, Gil del Espinar jaunak Edurne, modista bilbaína filmatzeari ekiten dio.

Meategi eta fabrika giroan kokaturiko azken gozoko melodrama, Euskal Herrian egin zen lehen luzemetraia dugu.

Gure herri guztietan eman zen 1924-25eko neguan, eta hartan ezarritako kapitala, 7.600 pezeta, bortzetan aniztu zen.

Filme historiko honetarik gidoia, argazki batzuk eta bazter utzitako hartze batzuk baino (deskarteak) ez dira gelditzen.

Itxuraz, filmearen kopia bakarra, ustekabean, gozodenda bati saldu zioten, eta hangoek zatitu eta gozoki barneetan paratu zituzten fotogramak, opari eta erakargarri gisa.

Olabarriak ere egin zuen bere filmea. Oraindik ez da aurkitu ahal izan, baina badakigu Martinchu Perugorría en día de romería zuela izena, lau zatiko komedia.

Bilboko Olinpian mustu zen, eta hiru egun eman zituen kartelean.